XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Oihu latzak eta kriskitinek bezalako klaskadak entzuten ziren eta, taldea ilunpean erdiko errekan buztiz edo estalaktita handiak saihestuz aurrera joan ahala, zalaparta gero eta biziagoa zen.

Humboldti Tartaroren jaitsialdia zela iruditzen zitzaion.

Beren onetik ateratako milaka eta milaka hegaztik habietatik txilioka erakutsitako arrenkurari kobazuloko beste alderdi batetik beste horrenbeste hegaztik ematen zion garraxizko erantzuna.

Bitartean, gidari batek hagaren muturrean suzia ipinita une batez txunditutako hegaztia ikusten zuten, baina gertutik aztertzearren ilunpean armaz tiro egin behar izan zuten, zaratarik handienaren jatorria apuntatuz.

Bonplandek botatako bi ale aztertu ondoren, Humboldt guacharo izeneko hegaztia espezie berria zela konturatu zen.

Belearen tamaina zuen, metroko hegal-zabalera eta oso moko gogorra (uroilandarena bezalakoa).

Hegazti gazteek hanken artean gantzezko kuxina zuten eta jan egin zitekeen.

Gantz hura biziki estimatzen zuten bertakoek eta, urtero, udaren erdialdean; indiarrak makila handiz horniturik kobetara sartu eta milaka oilanda hiltzen zituzten.

Handik lortutako gantza berotuta olio bihurtzen zuten eta urtebete baino gehiago irauten zuen mindu gabe.

Caripeko monastegiko sukaldariak bere sukaldean ez zuen beste oliorik erabiltzen.

Normalean indigenak ez ziren kobazuloko gela handia baino harantzago joaten.

Urjauziaz bananduta zeuden barneko leku bakartietan guacharoekin biltzera joanda beren arbasoen arimak zeudela uste zuten.

Monjeen aginpideaz baliatu behar izan zuten beheko galeria estura jaitsi zitezen.

Lokatzez betea zegoen eta zaratatsuagoa zen.

Indiarren suzien keak eztula eginarazten zien.